Jainkoei zein gizakiei gauza bera gertatzen zaie: sekula ez dute lehen amodioa ahazten. Berdin dio, beraz, zenbat urte pasa, Apolo jainkoak ezin izan du Dafne ederraren oroitzapena burutik kendu. Dafne, Apolo maiteminduta utzi zuen ninfa.
Poesia eta musikaren jainkoa zen Apolo. Piton izeneko sugea, Tesalia aldeko haitzulo batean bizi zen sugetzar beldurgarria hil berria zuen Apolok Dafne ezagutu zuenean. Zorigaiztoko pizti odoltsua zen Piton, momenturo haragi bila zebilena. Artaldeetako ardiak eta haranean bazkan ziren behiak, siesta botatzen zeuden artzainak eta errekan bainatzen ziren neskak hil egiten zituen. Etsita jainkoei laguntza eske hasi zitzaizkien gizakiak, amesgaizto hartaz libra zitzaten. Horregatik Apolo Tesaliara abiatu, Pitonen kobazuloaren aurrean jarri eta hamaika geziz jaurti zizkion. Sugea aurre egiten saiatu zen, baina alferrik, eta odol putzu batean biziak ihes egin zion.
Halako balentriaren ondoren Apolo harropuzkerian erori zen: uste handia agertzen hasi zen, bere buruaz baino ez zuen hitz egiten eta sugearen aitzinean erakutsitako ausardiaz:
— Munduko arkularirik onena naiz — esaten zuen behin eta berriz.
Okerrena da, bere burua hain gogoko edukitzen hasita, gainerakoak mespretxatzen hasi zela.
Behin batean Tesaliako basoan barna paseatzen zebilela Eros, amodioaren jainkoarekin egin zuen topo. Erosek ume koxkor eta zintzo baten itxura zuen, handik hona bere hego txikiez hegan ematen zuena. Amodioa hedatzeaz arduratzen zen jainkotxo hau arku txiki batez, umea izanik ezin baitzuen arku handi bat maneiatu. Apolok barre egin zion:
— A ze arma inozoa, ez dut halakorik sekula ikusi. Zertarako erabiltzen duzu, tximeletak ehizatzeko ala?
— Tximeletak? — Erosek irainduta — Oso barregarria zara Apolo; tentuz ibili, ordea, inoiz zure txantxak ordaindu behar izanen dituzu eta. Akaso ez nuen sugerik hilko baina, jakin ezazu, milaka gizon eta emakume, jainko eta jainkosa amodioz zoratu egin ditudala.
— A ze epopeia — barre egin zuen Apolok — zure geziengatik balitz, hemendik legoke oraindik ere Piton, artaldeak akabatzen.
— Ez nioke arku honen ahalmenari barrerik eginen zure tokian banintz, Apolo… Ez al dakizu amodioak hainbat errege eraman dituela gerra odoltsutara? Ez al dizute esan amodioak bertsorik onenak idaztera eraman dituela poetak eta nesken bihotza negarretan urtzera? Esan iezadazu, Apolo, inor zoratzeko gauza al zara zure geziez? Gizonik jarriko al zenuke dantzan pozaren pozez? Inor eramanen al zenuke itsasora bere burua botatzera etsipenaren poderioz?
Apolok mespretxu keinu batez erantzun zion.
— Utz itzazu hitz hutsal horiek, mutiko — esan zion —, utikan nire bidetik, presaka nabil eta.
Amorruaren poderioz sutan jarri zitzaion aurpegia Eros txikiari. Hegan abiatu zen baina airean zela mehatxu egin zion.:
— Bizitza osoan gogoratuko duzu une hau! — esan zion — Zeus aitaren izenean diotsut, merezi duzuna larrutik ordaindu behar izanen duzula!
— Eta Erosek bere mehatxua bete zuen. Mendekua prestatzeko hobekien ezagutzen zuen armaz baliatu zen, maitasunaz. Egun horretan bertan bi gezi bota zituen Erosek, bata urrezkoa, burdinezkoa bestea. Urrezkoak diamantea zuen erpinean eta pertsonak maitemintzeko balio zuen. Burdinez egina zegoenak, ordea, berunezko muturra zuen eta erabateko baztertzea eragiten zuen. Urrezko geziak Apoloren bihotza jo zuen; berunezkoak aldiz Dafnerena, Tesaliako ninfarik ederrarena. Geziek ez zuten minik ematen bihotza ziztatzean, eta Dafne eta Apolo ez ziren euren bizitzen berehalako aldaketaz jabetu.
Ordura arte Apolo fijatu gabe zegoen Dafnerengan. Beste ninfa bat baino ez zen, askotan mendian ehizatzen edo errekan bainatzen ikusia zuena. Aitzitik Erosen gezikada jaso ondotik, Dafne burutik ezin kenduz zebilen. Eguna berarengan pentsatzen ematen zuen, ordura arte egiten zuena, ehiza eta kantua, baztertu egin zituen. Dafneri begira-begira geratzea, horixe baino ez zuen gogoko, kiskaltzen ai baitzitzaion bihotza, lastoa sutan bailitzan. Dafnek, bestalde, deus ez zuen jakin nahi Apolori buruz, eta bera ikusten zuen bakoitzean korrika batean zuhaitz artean ezkutatzera abiatzen zen. Baina egun batean Dafnek ezin izan zuen Apolo sahiestu, eta jainko maiteminduak aukera hori probestu zuen berarekin ezkon zedin eskatzeko.
— Ez naiz sekula ezkonduko — esan zuen Dafnek — amodioa ez zait interesatzen.
— Gutxi iruditzen al zaizu jainko bat, ala?
— Ez dut zure maitasuna mespretxatzen, Apolo: ez dut inoren maitasunik nahi. Libre jaio nintzen, eta nire azken egunak arte libre mantentzea proposatu diot nire buruari.
Ezezkoa jaso arren, Apolok ez zuen itxaropenik galdu. Haserretu ere ez zen egin… nola haserretuko zen, bada, harekin txora-txora eginda egonik? Dafneren begiei begiratu eta ezin zuen hain ederrak zirenik sinetsi. Bere eskuetan erreparatu, eta ezin zuen haiek baino fin eta leunagorik imajinatu. Dena zuen gustuko Dafneren: bere lepo luzea eta adats trinkoa, ber hortz zuri-zuriak eta bere ezpain gorri biziak, bere begi ilun eta bere azala, elurra bezain argia. Dafne besarkatu nahi zuen. Masailak laztandu, musuz estaltzeko irrikitan zen Apolo.
Dafnek Apoloren begietan erreparatu zuen, eta, bat-batean, beldurra sentitu zuen, ideia bakar batek obsesionatuta zegoela igarri baitzuen. Berau besarkatzearren edozein gauza gai egiteko zenez, izutu eta basoan zehar ihes egiteari ekin zion.
— Ez ezazu alde egin, Dafne — oihukatu zion Apolok —, ez dizut minik eman nahi.
Apolo ninfari lasterka jarraitu zion, otsoa bailitzan, bildotsari segika. Inoiz baino ederragoa otu zitzaion Dafne, haizeak bere sorbaldak biluzten zituen, tunika astintzen zion eta adatsa uhin airosotan banatzen zitzaion. Korrika batean zihoan Dafne. Halako batean arnasa galtzekotan zela pentsatu zuen.
Basoko sasiek txorkatilak urratzen zizkioten, eta harriak oin-plantetan iltzatzen zitzaizkion. Hala ere beldurrak ez zion minik sentitzen uzten. Korrika egin behar zuen, ihes egin, babeslekuren batera iritsi behar zuen. Ziur zen geldituz gero Apolo, maiteminak zoratuta, haren gainera zihoala.
—
Ahotsa inoiz baino gertuago entzun zuen. Dafnek burua jiratu zuen eta Apoloren eskua ikusi zuen bere sorbaldatik gertu. Zurbil gelditu zen Dafne: nahiago zuen hil, bee ferekak jasatea baino, bere hatsa, bere begietako zoramena baino. Korrika zihoazen eta Peneo ibai hertzera iristen ari zirenaz ohartu zen Dafne. Horixe zen bere salbazio bakarra.
— Lagun nazazu, aita — oihukatu zuen indar guztiez.
Peneo bera zen Dafneren aita, eta ibai denek bezala botere jainkotiarrak zituen. Etorkizuna aurreikusi eta gizakiak pizti bihur zitzakeen, esaterako.
— Aita, lagun nazazu, erruki zaitez — oihukatu zuen berriz.
Peneok zurrunbilo handia sortu zuen uretan, haserre. Alabarekin disgustatuta zegoen Peneo. Uko egiten baitzion ezkondu eta Peneori bilobak emateari. Hala ere Peneok ez zuen zalantzarik izan eta alaba lagundu zuen, bihotz-bihotzez maite zuelakoz.
Bat-batean Dafne geldirik geratu zen. Gorputza harria bezainbeste gogortu zitzaion. Geruza fin batek bularra estaliz zihoan, sabelaldea gogor-gogor jarri zen. Besoek adarren itxura hartu zuten eta bere ilaje luzeak adar hostotsutan bilakatu ziren. Oinak sustrai bihurtuta lurrean iltzatzen joan zitzaizkion eta bere aurpegi eder musugorria enbor geruza bilakatu zen. Alaba salbatzearren bere emakume itxura kendu eta ereinotz bihurtzea erabaki zuen, munduko lehen ereinotza.
Apolok gertatutakoa ikusita negar egiteari ekin zion, umetxo bat bailitzan. Igual zuen Dafneri eskainitako maitasun guztiak, Dafnek inoiz ez zion erantzunen. Bihotza zartatua, ereinotz hostoak laztandu, eta adarrak musukatu zituen. Enborra besarkatzean, zuhaitzaren dardara nabaritu zuen.
— Ez zaitut sekula ahaztuko, Dafne — esan zuen ahots goibelaz —. Jada ezin izanen zara nire emaztea izan, aurrerantzean, ordea, nire zuhaitza izanen zara.
Eta horrela gertatu zen. Ordutik aurrera Apoloren zitara eta gezi-ontzia ereinotz adarretan zintzilik gelditu ziren, eta ereinotza aintza eta garaipenaren ikur bihurtu zuen Apolok. Ereinotz hostoek geroztik jeneral garaile eta poeta handien buruak ondratzen dituzte.
Dafne! — entzun zuen.